irudiaren mundua ispilu hartuta eta nire sormena erakutsi asmoz hasi nintzen vj izena erabiltzen. aspaldian literatura eta irudia da nahasmen handiena eman didana. hala ere proiektu berrietan murgilduta nabil eta weblog honen helburua beraiek erakustea da...

Saturday, November 05, 2005

Euskal Herriko 1. Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, abenduaren 17an Eibarren. Izen emate epea azaroak 21.

Gazteen sormena eta ekoizpen artistikoa sustatzeko asmoz, Euskal Herriko 1. Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Rallya abenduaren 17an izango da, Eibarren. Bertan parte hartu nahi duten 16 eta 35 urte bitarteko gazte euskaldunek izena eman beharko dute, azaroaren 21a baino lehen."Ikus-entzunezkoen Rallyak, gehienez, hiru minutuko ikus-entzunezko lana sortzean datza, lehiaketa egunean eta Eibarren kokatuta", azaldu du Topaguneko Gazteak Saileko arduradun Sonia Pérez Anguerak. "Askotariko lanak izan daitezke, ez da zertan metraje laburreko filma izan", zehaztu du Pérez Anguerak. Lanen gaia lehiaketaren egunean bertan jakitera emango da. Parte-hartzaileek gai horretan oinarritutako lana aurkeztu beharko dute, Eibarreko ezaugarriak txertatuta eta euskaraz ekoiztuta. Alde horretatik, "hizkuntzaren presentzia ezinbestekoa izango da", adierazi du Topaguneko ordezkariak.Ikus-entzunezko lanak abenduaren 17an bertan grabatuko dira, goizez. Ondoren, arratsaldez, ekoizpenari lotutakoak egingo dituzte parte-hartzaileek. Biak, grabaketa eta ekoizpena, formatu digitalean egingo dira. Horretarako, antolatzaileek parte-hartzaileen esku ordenagailuak eta Adobe Première 7.0 programa jarriko dituzte. �Gutxieneko baliabide teknikoak, aldiz, parte-hartzaileen kontura joango dira�, argitu du Sonia Pérez Anguerak, hau da, "kamerak, horiei dagozkion euskarri digitalak, etab.".Rallya izango den egunean bertan, hots, abenduaren 17an, grabatutako lanak proiektatuko dituzte, arratsaldeko 20:30ean. Horren ondoren, sari banaketa egongo da. Guztira, 900 euroko hiru sari emango dira: epaimahaiaren saria, ikus-entzunezkorik originalena eta gaia ondoen islatu duena. Epaimahaikideak "artea eta kultura munduko profesionalak eta ordezkariak" izango direla iragarri du Topaguneko ordezkariak. Parte hartu nahi duten gazteek azaroaren 21a baino lehen izena eman beharko dute Topagunean (argibideak, web orri honetako Gazteak atalean) edo Eibarko ...eta Kitto! Euskara Elkartean.

EUSKARAREN ERABILERAN ERAGITEA, HELBURU
Euskal Herriko 82 elkarte biltzen ditu Topaguneak. Hortaz, hainbat esparrutan euskararen erabileran eragitea du helburu. Horixe bera dugu Ikus-entzunezkoen Rallyaren ardatza. Alde horretatik, Topaguneko Gazteak Sailak antolatzen dituen "Gazte Sortzaile Sariak egitasmoaren barruko proiektua da Ikus-entzunezkoen Rallya", Sonia Pérez Anguerak azaldutakoaren arabera. Sariok gazte euskaldunon sormena sustatzeko antolatzen dira. Aurreko edizioan oso arrakastatsua izan zen Graffiti Lehiaketa antolatu zuen, iaz, Topaguneak. Gazte Sortzaile Sarien bigarren edizio honetan, ikus-entzunezko lanen egileei euskaraz euren ekoizpen artistikoak gizarteratzeko aukera emango die Euskara Elkarteen Federazioak.

Informazio gehiago: http://www.topagunea.com

0 Comments:

Post a Comment

<< Home