irudiaren mundua ispilu hartuta eta nire sormena erakutsi asmoz hasi nintzen vj izena erabiltzen. aspaldian literatura eta irudia da nahasmen handiena eman didana. hala ere proiektu berrietan murgilduta nabil eta weblog honen helburua beraiek erakustea da...

Friday, December 30, 2005

IKUS06_Arriolako Video-jockey mostra - Urtarrilak 21. Elorrio

Beste hamalau ikus-entzunezko lan, erakusteko prest

"Hamaika ikus-entzuteko jaioak gara" eguneko gaia jakin eta gero, hamalau taldek ikus-entzunezkoen lan bana grabatu dute, Euskal Herriko 1. Ikus-entzunezkoen Rallyan. Ehun bat gaztek Eibarko kaleak hartu zituen, hango irudiak islatu guran. Hartzez mozorrotuta, poxpolin itxurarekin, edozein ideia ona suertatu zen hiru minutuko lana albait originalena izan zedin. Eibarko hiru ezaugarri, gutxienez, agertu behar zituzten euren lanetan: besteak beste, Untzaga plazako Udaletxe historiko eta iraultzailea, bertako izotz pista, Eibarko orografiari aurre egiten dioten eskailera mekanikoak, Ipurua futbol zelaia mitikoa, ...eta Kitto! aldizkari antzindaria, UEUko Markeskoa egoitza, industrializazio garaiko Eibar etab. Eibartarrak lanean dabiltzan gazteei laguntzeko prest azaldu dira, aldarte onez eta, zelan ez, sorpresaz.Arratsaldean, ekoiztutako lanak editatu eta, gauean, Portalea Kultur Etxean proiektatuko ziren. Guztira, euskarazko hamasei ikus-entzunezko lan aurkeztuko ziren, abenduaren 17an eta Eibarren sortutakoak. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak hiru lan saritu ditu: *Lanik osatuena: "Poronponpero" film laburra. Egileak: Markos Gimeno, Alain Dominguez eta Oskar Morales (Ermua). *Gaia ondoen islatu duen lana: "Anteojoduna" film laburra. Egileak: Xabat Amiano, Joannes Mendizabal, Saioa Urrutia, Iker Aranburuzabala, Oskar Iglesias (Arrasate). *Lanik originalena: "Eibar, merkataritza gune irekia". Egileak: Irune Jaio, Amaia Jaio, Jatsu Argarate, Unax Blanco (Eibar). Sariek 900na euro banatuko zituzten. Euskarazko zinemagintzako hiru zuzendarik osatuko zuten epaimahaia: Asier Altuna ("Aupa Etxebeste!" -2005-, "Topeka" -2002-, "40 ezetz" -1999-, "Txotx" -1997-), Telmo Esnal ("Aupa Etxebeste!" -2005-, "40 ezetz" -1999-) eta Ane Muñoz Mitxelena ("El salto de Beamon" -2004-, "Basurdea" -2002-), hain zuzen. Rallyan aurkeztutako lanen kalitatea ikusi eta gero, Altunak "lanetik erretiratzeko gogoa" agertu zuen.Gazte Sortzaile Sarien 2. Edizio honetan, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak euskararen erabilera suspertzeko helburua argi gainditu duelakoan daude antolatzaileak. Parte-hartzaile kopuru oso altuak (itxaron zerrenda ere zabaldu behar izan dute), herritarren erantzun onak (gazteei laguntzeko prest) eta euskarazko zinemagintzari egindako ekarpenak (hamasei ikus-entzunezko lan berri) horize egiaztatzen dutela azaldu berri dute Topaguneko ordezkariek.
(2005/12/19)

Informazio gehiago: www.topagunea.com